XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bokartaren arrantza bertan behera utzi dute Gipuzkoan

DONOSTIA

Gipuzkoako arrantzaleek datorren astelehenera arte bertan behera utzi dute bokartaren arrantza, arrainak merkatuetan izan duen prezio baxua dela medio.

Gipuzkoako arrantzaleek salatu dute gastuak ordaintzeko ere ez dutela irabazten antxoaren salneurri apalagatik.

Juan Maria Urbieta Gipuzkoako baxurako arrantzaleen ordezkariak adierazi duenez, azken egunotan bokarta kiloa 50 eta 30 pezetaraino jaitsi da eta hau ez da errentagarria euskal arrantzaleentzat.

Hegoaldeko arrantzaleek martxoaren hasieran hasi zuten bokartaren arrantza eta ordutik hona Gipuzkoako untziek 320.000 kilo inguru harrapatu dituzte.

Hauetatik gehienak arrain txikiak izan dira, kiloko 55 edo 60 ale, eta ez du balio kontserba industriarentzat.

Bokarta txikia denboraldi hasieran oso preziatua izaten da etxekoandreentzat, baina aurten ez da horrela izan Frantziatik etorritako inportazioagatik, Iparraldeko eta Frantziako arrantzaleak urte hasieran hasten baitira lanean.

Ildo horretatik, Frantziako bokarta inportazioa bost edo sei milioi tonakoa izango zen aurten.

Ondorioz, Bizkaia eta Gipuzkoako arrantzaleak arrantza hasi zirenerako erosleen eskariak behera egin zuen.